Aste honetan jakin dugu 2012an PP-k onartutako dekretu baten ondorioz Iruñeko Udalak hiriaren zonalde jakin batean merkataritzarako ordutegi eta baldintzei askatasun osoa ezarri behar dizkiola. Antza denez, iaz 600.000 pertsonek baino gehiagok Iruñean dauden hotel, aterpe edo ostatuetan gau bat behintzat pasa zutenez, dekretua nahita nahiez aplikatu behar da. Eta Iruñeko Udalak zonalde hori zehaztuko ez balu, hiri osoari ezarriko litzaioke bertan zehazten diren neurriak. Turismoa babestu eta haren beharrak bermatzeko neurria omen da hau.
Baina zein ondorio izan ditzake neurri honek gure hirian? Ez zaigu erraza izango asmatzen. Nafarroako Gobernuak dionez, berau baita bitartekaria, Iruñeko alde zaharrean tamaina handiko merkataritza gutxi dagoenez, eragina ez da oso handia izanen.
Hala ere, Iruñeko Alde Zaharrean gertatzen diren dinamiketatik gertu gaudenoi galdera ezberdinak agertzen zaizkigu, hain zuzen ere, bertan gertatzen ari dena ez delako jasangarria auzoko bizi arrunta mantentzeko. Dekretu horren ezarpenaren ondorioa tabernei botere handiagoa ematea ez ote den datorkigu burura, hain zuzen ere, beraiek ezartzen duten pribatizazio eta gentrifikazio prozesua erabat ezarrita dagoelako gure hirian. Eta hala balitz, Iruñeko udalak tabernek espazio publikoa baldintzatzeko duten indarra kontrolatu lezakete neurri bereziren bat ezartzen?
Norbaitek al daki auzokideengan liberalizazio neurri horiek dituzten ondorioak? Prezioak igoko dira, Bartzelonan eta Madrilen gertatzen den bezala? Bizia garestituko da? Apartamentu turistiko gehiago sortzeari atea zabaltzea ote da dekretu hau?
Kontuz ibil gaitezen halako neurriek izan ditzaketen ondorioak azkar azkar pentsatzen, kapitalaren zentzuan besterik ez doazelako halako dekretuak...