Joan den igandean Margarita Alfaro, 75 urtetako emakumea, Gipuzkoa Etorbideko oinezkoen pasabidean hil egin zen kotxe batek harrapatuta. Asteburu horretan ere, beste bi emakumek kotxe harrapaketak jasan zituzten Bigarren Zabalgunean.
Abuztukoak izan ziren harrapaketen heriotzen inguruko azken berriak, hain zuzen ere Iruñean urtero hiru pertsonek bizia galtzen dutelako kotxeen bortizkeriak eraginda. Baina ez dira hauek zenbaki bakarrak, bataz bestez hogei pertsonek behin betiko ondorioak jasaten dituztelako kotxeek eragindako kalteengatik.
Ez da publikoki zenbaki hauez hitz egiten baina Iruñeko mugikortasun sistemaren huts egitearen adierazgarri argia dira. Lotsarik gabe izendatzen hasi beharko genuke errealitate hau, hala egiten ez badugu azkenean pentsatu dezakegulako “normala” eta “arrunta” dela horrelako istripu eta heriotzak gertatzea. Eta ez da horrela. Inor ez litzateke hil behar hirian kotxeen abiadura dela eta.
Kotxeak eta ez oinezkoak dira gaur egun hirietako mugikortasunaren protagonista. Kotxe pribatuak du lehentasuna eta haren abiadura, espazioaren okupazioa, kutsadura eta bortizkeria dira zabaldu diren baloreak. Honek hiri eredu jasangaitza eta bidegabea sortzen du. Honen aurka lan egiten ez duenak hiri eredu horren alde lan egiten du. Hor dago koxka!