Haur eskolak eraldaketarako bidean

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Fillat 2017ko ots. 3a, 12:23

Iruñeko haur eskolak mugitzen ari dira. Iaz Iruñeko Udalak bi haur eskolatan hizkuntz eredua aldatzea erabaki zuen momentutik aurrera, ziklo berri bat ireki da. Aldaketen aurkako mobilizazioak egon ziren, hainbat eskoletan gatazkak irudikatuz, moldaketa egiteko prozesua bera, lotsarik gabe onar daiteke, ez baitzen modurik egokienean egin. Ikasturte berriaren hasiera ere nahasia izan zen, oraindik ere aldaketa burokratiko gehienak gauzatu gabe zeudelako.

Hala ere, honek guztiak merezi izan du. Garrantzitsuena ez da izan euskarazko bi haur eskola gehiago daudela, mugimendua sortu dela baizik. Mugimendua haur eskolen barne antolakuntzan, kargu teknikoen aldaketan, eraldaketa pedagogikoak ezartzen, guraso eta familiei toki egiten, jantokietako abiapuntuak kolokan jartzen.

Finean, aldaketak eta gatazkak daudenean gertatzen dena: prozesu hobe eta aberasgarriagoak ireki dira. Eta bide batez eraldaketa gehiago ekarri ditu. Orain Nafarroako Gobernuak erabaki baitu Iruñean dituen haur eskoletatik bietan euskarazko eredua ezartzea.

Haur eskoletan gertatzen ari dena aldaketaren eredu ona da eta eraldaketei beldur izan behar ez zaielako arrazoia. Beraz, zergatik ez zabaldu eredu hau Iruñeko Udalak dituen beste hainbat ardurei?

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!