Mugikortasunaren gatazka zabalik

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Fillat 2016ko ira. 30a, 13:06

Iruñeko mugikortasunaren inguruko eztabaidak gori-gorian daude egunotan; ez da arritzekoa, gure hirian errespetuz mugitzeko aukera urrun dagoelako oraindik. UPNren gobernuarekin hamasei urtez kotxearen aldeko politikak egin dira, txirrindulak espaloi gainera igoz, errepideen baldintzak hobetuz eta autobusari lehentasunik ez ematen. Erabaki horiek zentzu eta ondorio latzak izan dituzte eta kotxe-txirrindula-oinezkoen arteko gatazka zabaldu dute.

Gurean ez da errespetuzko mugikortasunaren aldeko erabakirik hartu eta horrek hirian kotxeen abiaduran, istripu eta hildakoen kopuruan, autobusen barneko metaketan eta aparkalekuen plazak igotzean eragin zuzena izan du. Gaur egun kotxe pribatuan mugitzeko pentsatua dago Iruñea, ez oinezkoek askatasun eta segurtasunez ibiltzeko, ez eta txirrindulez lasaitasunez abiatzeko.

Euskal Herriko eta Estatuko hiri gehienen mugikortasuna Iruñekoa baino jasangarriagoa da, Iruñeak 80. hamarkadako eredua duelako. Horregatik arazoa ez da txirrindulek harrapatzen dituzten oinezkoak, hainbat hedabideetan zabaldu nahi izan den bezala.

Kotxeak dira arazoa, ez dezagun lotsarik izan hori izendatzen. Kotxeen abiadura eta kopurua txikitzen ez den bitartean beste guztion (oinezko, txirrindulari eta autobusen erabiltzaile) eskubideak ez dira bermatuko.

Udalaren parte hartze zuzena behar da gatazka honetan, aukera ederra delako Iruñean aldaketa sakon bat bultzatzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!