Ekonomia feministak izozmendi baten irudia erabiltzen du gaur egun ekonomiak nola funtzionatzen duen azaltzeko. Izozmendiaren zati txikiena, kanpoan dagoena alegia, gure gizartean dauden jarduera ekonomiko batzuk irudikatzen ditu: kobratzen direnak baina irudi globalaren zati txikiena besterik ez direnak. Hauen barnean daude: soldatapeko lanak, finantza-jarduerak, ekoizpen jarduerak... Bestalde, izozmendia eusten dutenak, haren oinarri direnak, kobratzen ez diren lanak dira. Multzo horren barnean zainketa lanak eta ugalketa lanak daude. 70. hamarkadako feminista italiarrek esaten zuten bezala “langile bat lanera joateko prest egoteko behar duen guztia”: osasuntsu egotea, garbi, arropa prest izatea, ongi elikatua egotea, arazorik ez izatea, umeak baditu umeez ardurarik ez izatea...
Irudi honek oso modu argian esaten digu gure gizartean zainketa lanak, amatasuna hor barne, ez direla garrantzitsuak. Era berean, garrantzitsua den ekonomia ez da oso justua eta norbanakoa da gauza guztien eredu eta forma, komunitatea ezabatuta dago.
Amatasunaren inguruan eztabaidatzeko, ekonomiak hartu beharko lituzkeen beste bideez hitz egiteko eta komunitateari dagozkion ardurak pentsatzeko, besteak beste, hilabete honetan Katakraken jardunaldiak izanen ditugu.
Baina eztabaidez gain, lan esparru horretatik gizartera eztabaida hauek plazaratu nahiko lituzkeen mugimendua sortzea nahiko genuke. Antolakuntza delako aldaketarako bidea eta ezinbestean diruaren eta ordenaren berrantolaketa pentsatzearen premia dagoelako.
Aldaketaren garaian garrantzitsuena aldatzen ez bada, ez da gure aldaketa.