Spiderman ez da inoiz pertsonai garrantzitsua izan Iruñean, aurreko asteko Batasunaren Pribilegioko prozesioan agertu arte. Ez baita ohikoa super heroiren bat halako ekitaldietan agertzea. Hala ere are ezohikoagoa da zentzu handirik ez duten protokoloak alde batera utzi nahi izateak halako burrunba garatzea. Politikaren ardatza mugitzea da hori.
Maiatzaren 24ko hauteskundeak eta gero hamaika keinu gertatu dira Iruñean eta beste hamaika bidean geratu dira. Arlo batzuetan aldaketa garrantzitsuak gauzatu dira eta beste batzuetan garatzear gelditu dira Udalak nahi izan ez duelako. Eztabaida sakonak izan ditzakegu horren inguruan baina horietako gutxi besterik ez dira hedabideetara plazaratu. Esate baterako UPNren gobernuak ezarritako azpikontrata batzuei bide eman zaie inolako eztabaidarik gabe, milaka eta milaka euro direnak hiriarentzat.
Honen aurrean Spidermanen keinua xume eta txikia da, nahiz eta borroka sinbolikoaren esparruan gauzatu denez sekulako garrantzia izan duen. Zer ikasi dezakegu keinu honetaz? Jendea keinuen zain dagoela. Zeren aldaketaren udala bultzatu dugunok haren alkatea txisteraz jantzita ikusi nahi ote dugu? Edo artzapezpikuarekin prozesioan? Aldaketa gauzatzeaz gain ikusi egin behar da, eta txistera bezalako ikono bati lotuta oso zaila izanen zaigu aldaketaren alkate bat dugula sinistea.