Atzo aurkeztu zen “Kilikon” izena duen kartela, antza hurrengo sanferminak iragarriko dituena. Iruñeko udalak hiritarrak parte hartzeko urtean uzten duen momentu bakar honetan 5.124 iruindarrek iritzia eman dute. Pozik egon behar omen dugu hiriko festekin harremana duen zerbaiten inguruan erabakitzeko aukera izateagatik. Hiritarron portzentai baxu horrek aditzera ematen du, ordea, hirian dagoen osasun demokratiko baxua.
Hiriko gertuko politikan parte hartzeko kultura edo ohitura oso zaila da barneratzen aurretik existitzen ez bada. Bozketaren nondik norakoak ulertzea edo-ta bozketaren berria, sikiera, izatea ez da erraza. Kultura demokratikoa, parte hartzearen kultura edo erabakin komunen kultura ikasketa modu bat delako. Baldintza batzuk eman behar dira. Administrazioak hainbat tresna jarri behar ditu hiritarren eskuetan parte hartzen ikasteko eta kultura demokratiko bat sortzeko.
Gardentasun eta demokraziaren kultura hori ez da berehala ikasten ezta ahazten ere, hori da 78ko erregimenak demokrazia ez zabaltzeko arrazoia, gizartea eraldatzen duelako. Datozen garai berri hauetan demokrazia zabalduko delako susmoa dugu batzuk, ikusi behar gobernuan egonen direnek hori egiteko ausardirik duten.