Azken hamarkadetan botere instituzionalean somatu dugun gabezia da egungo Greziako gobernuak soberan duena: duintasuna. Alexis Tsipras-ek esan du presarik ez duela Eurotaldearen proposamena onartzeko nahiz eta mailegua lau hilabetez luzatzea pentsatzen ari den. Ez omen du Greziako herritarrek austeritatearen aurka hartutako erabakia alde batera utzi nahi.
Eurotaldea, Troika, Europako mandatariak edo direnak delakoak urduritzen hasiak dira. Azken hamarkadetan mehatxuetan oinarria izan duen politika funtzionatzeari utzi dio, garai berrien hasiera omen da hau. Boterean egon diren horiek badakite lehenengoak autonomia agertzen hasten den momentutik aurrera xantaian oinarria izan duen politika pikutara joanen dela.
Gezurra dirudien arren kasta osatu duten botere guztiek antzekotasun eta parekotasun nabariak dituzte, Troikak Alemaniako bankuekin eta Nafarroako Gobernuak hemengo elite eta enpresekin. Agerian da azken hamarkadetan hemen hartutako erabaki instituzional aunitzek ez zutela nafartarren onura helburu. Ikusi horretarako Nafarroako Ubidea, Itoitzeko urtegia, Logroñorako autobidea, hainbat kultur etxe, frontoi, errepide, eraikin publiko eta abar.
Baina garai berriak datoz. Zorionez. Lehenengoak “ez” esaten duen momentutik aurrera besteen “ez” esateko gaitasuna handitu egiten da. Europan eta hemen “ez” esaten ari diren pertsona asko badago; azken urteetan boterean egon direnak bota eta funtzionatzeko beste modu bat inposatu nahi duen jendea prest dago.
Greziaren indarra askoren eredu baliogarria izanen da garai berriei hasiera emateko.