'Euskal Herria XVI-XX. Mendeetan', 12 saioko historia ikastaroa

Erabiltzailearen aurpegia Eusko Kultur Fundazioa 2016ko urt. 19a, 12:57
Joan den ikasturtean Euskokultur Fundazioan egindako historiari buruzko ikastaroko une bat. (Irudia: Euskokultur)

Euskokultur Fundazioaren egoitzan izanen da, otsailaren 2tik aurrera, euskaraz eta gazteleraz, Bixente Serrano Izko eta Aitor Pescador historialarien eskutik.

1512ko konkistatik abiatuz eta XX. mende hondarra arte, euskal lurraldeen Historia ardatz hartuko du Euskokultur Fundazioak eta Udako Euskal Unibertsitateak antolaturiko ikastaroak. “Euskal Herria XVI-XX mendeetan” du izenburua, eta otsailaren 2a eta apirilaren 20a bitartean ospatuko da Arrotxapea auzoko Euskokultur Mintegian.

Gaztelaniazko saioak astearteetan izanen dira eta Euskarazkoak asteazkenetan, 18:30etatik 20:00etara. Erderazkoetan Aitor Pescador izanen da irakasle, eta euskarazkoetan berriz Bixente Serrano.

Ikastaro honek Euskal Herriaren garai bateko errealitatera hurbilduko gaitu: Nafar Estatuaren errautsak besterik gelditzen ez zirenekora. Konkista eta gero, Estatu arrotzek egitura juridiko-politiko berriak altxa zituzten, haien neurrira eta nahierara. Halere, eraikin horren azpian, errautsen artean, gure nortasunaren sugeldo eta txingarrak bizirik mantendu dira nolabait. Ikastaroaren helburu nagusia, hain zuzen ere, inposaturiko egituren artean zirta horiek antzematea da, berauek ezagutarazi eta hauspotzeko.

Matrikularen prezioa 50 euro da, eta izen-emateko aukera zabalik dago urtarrilaren 29a arte. Xehetasun gehiago jasotzeko, edozein zalantza argitzeko eta matrikula egin ahal izateko, antolatzaileek hiru bide zabaldu dituzte: www.euskokultur.eus web orria, posta elektronikoa (info@euskokultur.eus) eta 948 141812 telefono zenbakia.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!