Jakinmina dela edo ogibidearen beharra, hamaika hitzaldietara joan naiz bizitzan. Atsegin ditut diskurtso ongi osatuak, kritikoak, iradokitzaileak. Baina, jakina denez, beti izan dira hizlari-gurinzaleak. Publikoak entzun nahi duen hori esaten ofizioa egin dutenak. Hori izan da askorentzat arrakastaren giltza.
Beste muturrean, Carl Saganek azalkeriaren aurkako kit bat proposatu zuen bederatzi aholku hauen arrastotik: errealitatea konfirmatu, frogak sakon aztertu, adituak entzun ez autoritateak, landu hipotesi guztiak, ez atxikitu hipotesi bat zurea delako, ahal denean neurtu, argumentazio prozesu osoa baloratu, azalpen sinpleari kasu egin, hipotesi frogagarria egin.
Aurreko astean hezkuntzan ere modan den komunikatzaile sinpatiko baten saioa sufritu nuen. Badakizue: topiko zaparrada, txiste atseginak, publikoari keinu emozionalak eta listo. Eskerrak gero, etxeko epelean, Harkaitz Canoren Fakirrak erredentzioa ekarri zidala.