Irailaren 20an Pablo Sarasateren heriotzaren urtemuga izan zen. Biolinista eta konpositore paregabea izan zen. Birtuosismotik harago, pertsona jakintsua eta emankorra: musikazaletasuna zabaltzeko hamaika ekimen bultzatu zituen.
Bere jaioterrira itzuliko balitz poztasuna hartuko luke neska-mutil askoren musika ikasteko grina ikusiz eta atsekabetuko zen gaztetxoek ikasteko dituzten mugak jakinez. Aurten ere, Iruñean musika ikasteko plazarik gabe ehundaka gelditu da. Urtez-urte errepikatzen den porrota.
Nando Cruzek idatzi du “musika eguneroko gertaera hurbila dela eta ez ohiz kanpoko espektakulua. Musika inklusiboa dela, hiritarra, erlazionala, deszentralizatua, autogestionatua eta oraingoa eta lehengoarekin elkarrizketan dena.”
Gastu publikoan aukeratu behar denean, hau da kasua, espektakulu eta festibal gutxiago eta musika eskolan irakasle eta toki gehiago.