Hitza erabiltzeko eskubidea

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Etxarte 2018ko api. 30a, 10:47

Etengabe hitza bahitu dute esateko zer den jaia. Arautu dute zer den normala eta zer dagoen tokiz kanpo. Ezinbesteko ezaugarria izan da jokaerak mugaraino eramatea: jatea, edatea, mugitzea, oihukatzea, zikintzea, xahutzea, taldean egitea, beti ere, aurreko markak zabalduz. Hori izan da Sanferminen arrakastaren sekretua. Progre bedeinkatu hark esan zuen “jaiaren eta subertsioaren eremua” zela. Zeren subertsioaren eremua? Noren jai eredua da?
Beti hitza bahitu dute erakutsiz zer den justizia. Epaileena talde itxi eta endogamikoa da. Administrazio publikoan diren beste asko bezala. Jendartean diren makina bat erakunde bezala. Bakoitzak bere legitimitatea aldarrikatzen du eta eskandalutzat hartzen du besteek posizio hori zalantzan jartzen dutenean. Epaileek errespetua eskatzen dute. Nor isildu nahi dute hori diotenek? Nori zor zaio errespetua?
Pierre Bourdieuk idatzi zuen “Hitza erabiltzeak lotura proportzionala du hitza erabiltzeko eskubidearen sentimenduarekin”. Zorioneko Nafarroan, berriro ere, milaka hiritarrek aldarrikatu dute hitzaren eskubide osoa dutela. Zer den jaia eta zer ez, eta zer den justizia eta zer ez esateko zilegitasuna.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!