Haurra bere bakardadean

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Etxarte 2018ko mar. 12a, 12:13

Haurra ezin da hirian, edo herrian, bere kabuz mugitu. Ikastetxera, eskolaz kanpoko jardueretara edo etxera. Gero eta gehiago, kotxean daramate batetik bestera.
Haurrak ezin du kalean jolastu, ezin da zaintzailearen bistatik aldendu. Txikia denean plazetako eskorta itxi eta mugatuetan ari da zanbuluan edo txirristan. Edo pantailetan kateatua.
Haurra ez doa musikaldira edo antzerkira, haurrentzako propio diren produktuak ikustera salbu. Beti da ez dakiena, ikasi behar duena, sinplekeria eta azalkeriaren jasotzailea.
Familia bazkarietan edo ospakizunetan, gero eta gehiago, bestelako mahaian jaten du, bere adinekoekin, bigarren mailako azukre eta gatz festa merkean. Bizitzaren pasarte nagusietatik kanpo da, ez du besteen jaiotza edo heriotza ezagutzen, jaietan haur-txokoetara bideratzen da.
Inoiz baino haur gutxiago direnean bazterrean ditugu, espazio eta jarduera segregatuetan, gero eta bakartuagoak, inoiz baino zelatatuagoak. Mozal legera moldatzen ditugu. Bakardadera bideratzen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!