Dena arina eta atsegina nahi dugu. Hori da azken urte luzeetan gure munduan errotu den ildoa. Ikusi bestela euskarazko agerkari digitaletan, adibidez, agertzen dena: herriko, auzoko eta kaleetako jaiak, suzedidoak, inauteriak eta prozesioak, herri bazkariak, EiTBren gorotzak, Goya sariak, bertsolari orojakileak, txiolandia, bideo-iruzkinak, txibi txitxirio entsalada, gazte-robotika lehiaketa… Eta betiko komodina: kirola goiz, eguerdi eta gauez. Futbola beti, orain ere emakumezkoena, pilota, saskibaloia edo golfa. Lotsaren kuota betetzeko ohiko ekarpen larriak datoz: birziklatu gabeko euskararen profetak, feminismo zuriaren komodin erosoa edo etsai eternoen azken jutrukeriaren kontaketa.
Famatu da cappuccinoaren bidezko pazifikazioaren ideia. Edo bestela esanda, kontsumo maila apalarekin eguneroko miseria eramangarria da. Egun handietan bakarrik gogoa altxatu eta gure bizitza gobernatzeko grina sentitzen dugu. Hori bai, tarte bakanak dira eta grinak ez du luzaro irauten. Garen bezala gustura gaude.
Beraz, gogoz eta ilusioz, bultza dezagun Amaiaren balizko txupinazoa, Vianako Printzearen Sariaren esperpentoa edo Zentralen izandako azken ekarpen kulturala.