Aurreko garaietan ofizioen ezagutza pertsonen bizitza osoaren eskarmentuaren ondorio zen. Sukaldaria, mekanikaria, errotaria, nekazaria edo medikua izatea urte luzeko emaitza zen.
Orain ez dira ibilbide profesional luzeak egiten. Salbuespenak dira horrelakoak. Ekonomialariek esaten duten modura, pertsonen ordez ordu-paketeak kontratatzen dira. Emaitzak agerikoak dira: negoziorako balekoak, emandako zerbitzurako makalak eta langileentzako prekarioak.
Hori ere komunikabideetara iritsi zen aspaldi. Kazetarien ordu-fardel horiek lotzen dira, koherentzia handirik gabe, komunikabide horrek duen ildo ideologikoaren mesederako. Egiaren eremutik kanpo egunkariak berrien, eta beraien protagonisten, borreroak ala masajistak dira. Ikerketa, kontrastea edo hausnarketa kritikoa ezohikoa da.
Aspaldi, G.K. Chesterton paregabeak idatzi zuen: Egunkarietan azaltzen dena simulakroa da, ez du inolako antzekotasunik historian eta errealitatean gertatzen denarekin. Dena erabateko nobedadea izango balitz bezala agertzen dute (…) Lehenengo Mundu Gerraren ondoren prentsa irakurleek herrialde askoren askatasunaren berri eduki zuten, aurreko urteetan esklabotasunaren berri izan gabe.