Aurreko astean Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bi opari egin zizkigun: Ravel Atxukarroren eskutik eta Xostakovitxen 11. sinfonia. Bata eta bestearekin sentitu nuen, berriz ere, musika gure izate sakonetik oso gertu dagoela, agian kontzientziak sortzen dituen errealitateetatik intimoena dela. Rüdiger Safranski saiogileak esaten du musikak komunitatea sortzen duela, beste izateko moduak irekitzen dituela, bestelako mailetan bizitzeko aukerak bideratzen dituela.
Hortik dator kantu bidez dugun oinarrizko esperientzia, adibidez. Berrogeita hamar urtetik gora dugunontzat musikak bere toki propio izan du: elizakoa lehen eta euskal kantari berriena gero. Zerrenda horretan izan dira Bach edo Gorriti eta Lete edo Laboa. Gero, jakina, beste asko etorri dira. Premia dugunean badugu zer aukeratu. Bakarka edo taldean aritzeko. Alai edo malenkoniatsu.
Aurreko batean Labrit frontoian, lau eta erdiko txapelketan, gazte koadrila handiak ez zekien zer abestu herriko pilotaria bultzatzeko. Musika kutxa hutsik zeukaten. Tristura sortu zidan horrek. Ematen du euskal musikan, teknologia bikainaren garaietan, komunitatea sortzeko kanta berririk ez dela.
Bitartean, “Bon cop de falç”.