Eguzkiaren epeltasunak dakar ihes egiteko grina. Eguna luzatzen hasten denean gure gogoak paradisu iraunkorrak bilatzen ditu. Orain arte bidai agentzien paperezko propagandak irudi erakargarriak erabili izan ditu sarean gu bezalako arrain galduekin negozioa egiteko.
Dirutza egiteko joerak aldaketa izugarriak izan ditu. Turismoan arrantza industriala nagusitu da eta era guztietako sareak aktibatuak dira molde ezberdinetako ameslariak asaltatzeko: turista etikoak, ekologikoak, masiboak, erretretan direnak, haur eta gazteena, esklusiboak, alkoholikoak, ruralak, erlijiosoak edo sexualak.
Hori bai, turismoaren negozioa azpian dagoena zapalduz gauzatzen da. Horrela bidaiara joan aurretik edo ondoren azpimarratuko da dena merke egin dela. Ez da harritzekoa. Turismoaren langileen lan baldintzak okerrenetarikoak dira, komunitate hartzaileak menpeko ekonomia eta kulturaren zurrunbiloan erortzen dira, eremu naturalak eta hiri historikoak etengabe suntsitzen dira.
Eta Iruñean berdin. Ikusi bestela turista saldo galduak telefonoan lokalizadorea martxan eta maletatzarrak narrasten alokairu turistiko ilegalak bilatzen, adibidez, Caldereria kalean. Dena oso merke auzokideen kontura.