Izaki bitxiak gara. Batzuetan melodia ezaguna sartzen zaigu buruan eta hor ari gara ezin burutik kendu. Edo idazle baten letra-festan itsatsia geratzen zaigu gogoa. Sarritan pasarte gogor batek ez digu treguarik ematen eta zurrunbilotik ezin atera gabiltza. Azken astean horrelako obsesioa pantailekin eduki dut. Sentitu dut hortik kanpo, dagoeneko, ez dugula mundurik. Ororen gogoa pantailetan dagoela, ia mugarik gabe. Berdin oso adinekoak eta haurrak, trenean edo kalean, bakarrik edo beste batekin hizketaldian, hilerrian edo hitzaldi batean.
Pantailetatik iristen den uholdeak itotzen gaitu. Ez dugu ozeano hori kudeatzeko gaitasunik baina, aldi berean, ezinbesteko dugu multibertsoa ezagutzea eta ebaluatzea eraginkorrak eta lehiakorrak izateko. Leiho hori ezin dugu itxi. Izaki hautsiak bihurtzen ari gara, zatikatuak, gogoaren batasuna desmuntatzen ari gara.
Franco Berardi filosofo garaikideak dio “kapitalak ez dituela dagoeneko pertsonak errekrutatzen, bereiztutako denbora paketeak erosten ditu, noizbehinka eta era trukagarrian, eskubide edo beharrak dituen pertsonekiko inolako lotura eginez; paketeak merkatuan erabilgarri dira, besterik gabe”.