Komunikabideetan, parlamentuetan, udaletan, kulturan, futbolean edo aisialdiko programetan konfrontazioa da arrakastarako araua. Pertsonai probokatzaileak, zalapartariak, krudelak, sinplistak, gezurtiak eta histrionikoak dira bilatuenak eta estimatuenak. Komunikatzaile onak omen dira, beste gainerakoentzat eredu.
Sofoklesen “Ajax” tragedia bikaina da. Akiles hil ondoren bere armak edukitzeko grina erakutsiko dute Ajaxek eta Odiseok. Epaiketan grekoek Odiseori emango dizkiote. Ajaxek, amorruz itota, guztiak erailtzea erabakiko du. Baina Atena jainkosak tranpa sortzen du eta, mendekuaren ordez, artalde bat akabatzen du. Okerraz jabetzerakoan, bere buruaz beste egingo du. Heroi homerikoentzat, jakina da, lotsa dela sentimendurik larriena.
Odiseo berak aitortuko du “horrelako saria jasotzeko ez nuen irabaztea merezi”. Eta aurrerago “Etsaia izanik ere, erruki diot, gizagaixoa, zorigaiztoko etorkizunari kateatua dagoelako. Biak ala biak mamuak gara edo itzal hutsak”. Atena urrutirago doa eta erantzuten dio “Ez esan hitz harrorik sekulan (…), ez harropuztu norbaiten gainean sentitzen bazara, dela zure besoaren indarragatik, dela zure aberastasunengatik. Jainkoek zuhurrak maite dituzte eta zitalak gaitzetsi”.
Gure artean zuhurtasuna lurrindu dela ematen du.