Europak itsutu egiten gaitu eta nekez ulertzen dugu hemendik kanpo gertatzen dena. Munduko beste edozein lurraldean zabarkeria, kultura falta eta arlotekeria nagusitzen omen dira. Gu arraza, ideologia, sexu edo erlijioen diskriminazioaren aurkakoak gara, zibilizatuak eta sofistikatuak. Begira bestela, adibidez, zenbat sinplekeri entzun eta irakurri ditugun AEBetako hauteskundeen kontura.
Azken aste honetan aktore ezagun baten hausnarketak hautsak harrotu ditu. Denzel Washingtonek kazetari baten galdera, Trump-Clinton aferaz ari ziren, erantzun du esanez: "Egunkariak irakurri gabe ez zaude informatua, eta irakurri ezkero oker informatua zaude. Zer gertatzen da gehiegizko informazio duzunean? Besteak beste, hori ematen lehendabizikoa izan behar zarela, egiazkoa ez bada ere. Zein da kazetari guztiok duzuen ardura? Egia kontatzea. Ez lehena izatea, egia esatea baizik. Gizarte honetan lehena izatea da balio duena. Berdin da nor zaurituko den, nor birrinduko, egia den edo ez. Esan eta saldu. Saltzea da kontua. Praktikatzen duzun horretan hobetuko duzu, zaborra egiten ere, jakina.”
Europan ere lerroburuak irakurtzen diren garaian bizi gara. Kultura garaikidean banakako kontsumitzaile sentimental konpultsiboak gara. Berdin da gaia, berdin egoera edo ardura. Nork egiten du instanteko lerroburutik aurrera?