Gure mundu txikian ohikoa da aurrean ez dagoena lokaztea, kideek egin dutena zapuztea. Gure mundu txikian ekarpen komunitario nulua duten askok hitz handiak erabiltzen dituzte besteei bidea erakusteko eta ustezko oker barkaezinak aurpegiratzeko. Bizitzeko modu erosoa da. Nagusitasun etiko eternoa gordetzeko manera. Purutasuna eta errugabetasuna ez zikintzeko tankera. Ezer egitearen truke, besteengan asperdura mugagabea ordainetan jaurtitzeko.
Shakespearek Julio Zesarren ahoan jartzen duena izen bereko tragedian: “Koldarrak hil aurretik aldi askotan hiltzen dira / kementsuak, aldiz, behin bakarrik frogatzen du heriotza / Orain arte entzun ditudan gauza harrigarrietatik / ez dut beldurraren pareko bitxirik aurkitu, / gizakiak ongi dakielako heriotza / ezinbestean iritsiko delako.”
Agian, nork daki, Shakespearek kexaki eternalak zituen bere mundu txikian, kontu txikietarako ere koldarrak, adorerik gabekoak.