Hemeroteka ez da atsegina

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Etxarte 2016ko urr. 17a, 12:39

Oroimen historikoa modan dagoen diskurtsoa da. Ideologikoki nora ezean diren askoren salbagarria bihurtu da. Taldearen nortasuna, gutasuna, etsaia sortuz edo identifikatuz gauzatzen den neurri berean, oroimen historikoaren aurkakoak klixe sinplean irudikatzen dira. Dena garbi eta sinple. Guk eta besteak.
Arazoa da oraingo gutasunaren aldekoak, zenbat alditan, memoria historikoaren aurkako aitzindariak izan direla. Adibidez. “Errekontziliazio nazionala” izan zen PCEren 1956ko ekainaren aldarrikapen garrantzitsua. Handik aurrera finko mantendu eta hedatuko zuen posizioa. Horrela, diktadorea hil berria zela, 1976ko uztailaren 1ean, PSUCek Manresan mitin gogoangarria egin zuen. Lluis Maruny eta Jordi Solé-Turàren hitzak dira: “Amnistiaz ari garenean, bai, preso guztiez ari gara, erbestean direnen itzuleraz, ETAkoak barne, jakina. Baina komunistok amnistia ulertzen eta aldarrikatzen dugu gure kontrarioentzat ere, gure torturatzaileentzat, Gasteizko hiltzaileentzat, Montejurrako hiltzaileentzat.”
Horrelako pasarteen bilduma luzea hemeroteketan aurkituko dugu. Eta hari eta mutur askotarikoak. Beraz, edozein arazoarekin gertatzen den bezala, sinplea dena ez da gehienetan zuzenena. Ez da atsegina baina egia da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!