Oso jatorrak gara

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Etxarte 2016ko mai. 16a, 12:17

Joan Mari Torrealdai nekaezinak urteroko euskal liburugintzaren azterketa argitara eman du. Diagnosia urtez-urte errepikatzen da. Titulu kopuruan berdintsu gabiltza (2.110), kanpoko argitaletxeek nagusitasuna dute euskal sisteman, irakaskuntza eta haurrentzako liburuen garrantzia erabatekoa da (%62,5), gizarte zientzien atala oso ahula da (%16), helduen literatura (%14) eta zer esanik ez zientzia alorra (%3). Bi hitzetan, ekoizpen txikia, salmenta urriak, eta sektore osoa haur eta gaztetxoei begira.

Hau da gure argazki kulturala osatzeko ezaugarri nagusi bat. Diagnosia osatzeko beste begiradek laguntzen dute: zuzeneko musika emanaldien kopurua, liburu edo filmen aurkezpenak, hitzaldiak, literatura lehiaketak, unibertsitateen ekoizpen akademikoa eta beste. Ondorioak ez dira goxoak: bistan da eragile gutxiren lan handia eta euskal komunitatearen erantzun eskasa.

Eskerrak noizean behin, urteroko errituak jarraituz, kontzientzia txarra arintzeko bestelako bide seguruak direla: jai herrikoiak, manifak, familiako haurrei urteroko liburua erosi eta, bereziki, marmario soziala aurrean ez direnen aurka. Horrela, arazorik gabe, ulertzen dugu “euskaraz bizi nahi dut” leloa.

Lotsagabekeria ezpada, zein da erosi duzun euskarazko azken liburua? Eta irakurri duzun azkena?

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!