Kosmopolitismoa

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Etxarte 2016ko mai. 9a, 12:43

Ostegun eguerdian, mandatuetan nenbilela, Iruñea zeharkatu nuen gora eta behera. Eguraldi eguzkitsua eta kaleak bete-beteak. Harrigarria egin zitzaidan urte gutxiren bueltan zein kosmopolitak bihurtu garen. Pentsaezinak ziren janzkera, orrazkera, burukoak edo oinetakoak nagusitu dira auzo batzuetan. Hiriko talde batzuen erakustaldi korala, beraien harrokeriaren pasarela, baliabide materialen isla. Baita arrakasta pertsonalaren ikurra, mugarik gabeko nitasunaren apologia lizuna.

Daniel Bell soziologoak aipatzen du bizitza modernoak sari garestia eskatzen duela: modernitatea indibidualtasuna da, nor bere burua etengabe berregitera bultzatzen duena. Honek jainko baten ustezko ordena naturala ukatzera darama, baita kanpoko autoritate kolektibo batena dena ere. Nitasuna bihurtzen da, azkenean, ekimenen erreferentzi ardatz bakarra.

Okerrena da itxura kosmopolita eta modernoaren azpian oso gaitz zaharrak agertzen direla: inbidia, berekoikeria, marmarrean aritzeko joera edo garraztasuna. Hau ere itxuraren azpian agerian da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!