Aberastasuna xahutu?

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Etxarte 2016ko mai. 2a, 11:30

Bat. Nafarroako jendartea zaharra da. Estimazioek diote 2029. urtean gazteak 2002. urtearen pareko kopurua izango direla. Beraz, haur eta gazte urri eta zahar ugari. Gero eta ugariagoak
Bi. Erretretaren atarian diren belaunaldiak dira inoiz ondasun kantitate handiena pilatu dutenak. Ziklo ekonomiko ezagun baten ondorioa izan da, norberaren merituarena baino gehiago. Beraz, zahar asko ase eta gazte saldoa prekario.
Hiru. Zer egin belaunaldien arteko haustura saihesteko? Zer egin zahar askok pilatu duten etxe, ondasun, diruarekin? Noren mesederako izango dira ondorengorik gabeko askoren kapitalak? Batek baino gehiago egiten duena, hau da, bidaietan edo kapritxoetan xahutu eta listo? Zer egingo dute gazte askok lan finko eta duinik gabe? Nola egingo diote bizitzari duintasunez?
Mijail Bakuninek idatzi zuen: “Herentziarako eskubidea, gure iritziz, deuseztatu egin beharko zen, irauten duen bitartean desberdintasun ekonomikoa hereditarioa bihurtzen delako, ez pertsonen arteko ezberdintasun naturala, baizik eta klaseen arteko artifiziala dena(…) Hildakoen ondasunekin funtsa sozialak sortu beharko lirateke bi sexuetako haurren heziketa eta formazioa sustatzeko jaiotzen direnetik helduak izan arte”.
Zerbait asmatu beharko dugu. Justizia kontua da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!