Hannah Arendt pentsalariak idatzia du “iraultza” kontzeptuaren sorrera Kopernikoari zor diogula gorputz astronomikoen mugimenduak definitu zituelako legeen eta erregulartasunen bidez, gizakien asmoetatik aparte. Beraz, astroen sekuentzia errepikakorrak ziren “iraultzaren” muina. Egun, aldiz, “iraultza” entzun eta zaharraren ordez guztiz berria den eraldaketa datorkigu burua.
Etsipena nagusitzen zait gure artean gertatzen diren berri interesgarriak gaztelaniaz irakurtzera behartua nagoenean. Adibidez, denbora laburrean Iruñean nazioarteko hezkuntza munduko aditurik handienetarikoak izan dira: Marina Mori eta Maddalena Tedeschi. Biak oso ezaguna den Reggio Emiliako esperientziaren ordezkari bikainak. Nafarroako Parlamentuan, Hezkuntza Departamentuan edo Museoan aritu dira. Euskarazko komunikabideetan berririk ez, ohiko agenda txikiarekin jarraitu dute. Adibidea, berriz diot.
Ematen du garrantzitsua dena, edozein arloan, ezin dugula euskaraz eman eta jaso. Iruditzen zait arlo honetan Kopernikoren “iraultza”ren kontzeptuaren bigarren adieraren premia dugula: aldaketarena.