Demagun B andrea edo M gizona. Zorroan-poltsan-karteran-poltsikoan duen telefonoa armatzen du eta, hortik aurrera, pantailak irensten du. Hitzaldi batean gerta daiteke. Bileraren erdian. Batekin hizketan ari zarelarik. Berdin zaio galtzea aurrean duen nazioarteko adituaren diskurtso bikaina. Berdin bilerakideentzat gaia asteko edo urteko zirt o zartekoa izatea. Berdin zuzenean beste norbait deseroso bada.
Joera hau lehendabiziko aldiz dokumentatu nuen aurreko Gobernuko kide batekin izaniko aspaldiko bileran. Boterearen keinua zela iruditu zitzaidan orduan. Hitza hartzen duelako horretarako eskubidea daukana. Pasa den astean sentitu dut portaera orokortu dela. Demokratizatu da zabarkeria. Normala bihurtu da aurrean edo ondoan dauden pertsonak ikusezinak egitea.
Herodotok narratzen du hil ondoren egiten ziren afari-ospakizunetan morroi batek taula batean hildakoaren iruditxoa gonbidatuei erakusten ziela, formula hau bakoitzari errepikatuz: “Hau ikusi ondoren edan eta ase arte jan, hiltzerakoan itxura hau hartuko duzulako”.
Pantaila da askoren heriotzaren isla. Pantailaren argitasunak gero eta pertsona gehiago bizitzatik erretiratzen ditu.