Kale-argia

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Etxarte 2016ko api. 12a, 12:40

Haurrek bizitza kalean egiten zuten garaietan, udaberriko arratsaldeak utopia txikiak asmatzeko parentesiak ziren.

Gaua agertokiaren atzeko aldera joaten zen neurrian, bizitzarako espazioa irabazten zuten. Orduan errekaren bazterrak edo harresien maldak haurrez biziberritzen ziren. Magdalenako pasarelak, harrien gainean egurrezko oholtzarrak jarri aurretik, josten ziren harat eta honat bitxikerien bila. Jito Alaiaren ondoko sastrakak eta harriak bihurtzen ziren ilundu aurretik egun bakarreko txabolak edo gazteluak.

Marina Tsvietáievak idatzi zuen: “Haurrek toki pentsaezinetan bizi nahi dute. Nire semeak sei urte zituenean kale-argi batean bizi nahi zuen: argitasunaz, berotasunaz, goian, den-dena ongi ikusteko.
- Eta zure etxearen aurka harria botako balute?
- Nik sua botako nieke!”

Haurrak hirietatik desagertu dira. Aterpe itxietan, hiperretan, etxeko sofan edo, asko jota, plazetan diren haurrentzako-eremu-itxietan topatuko ditugu. Ez dira kalean. Beraien gogoaren gainean edo azpian aurkituko dira gaurko gurasoak. Gutxitan bidelagun izango dira.

Haurrentzako propio sortzen den espazio-jarduera isolatu bakoitzean, hiritik kanporatzen ditugu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!