Atzera begira nostalgikoak gezurtiak dira. Goethek ezagutu zuen Grezia edo Hörderlinek amestu zuena beraien buruan ziren. Brunelleschi edo Donatelloren Erroma klasikoak irudimenean zuen tokia. Pasa diren egun hauetan Atenasen edo Parisen izan direnek ez dute fortuna gehiagorik eduki. Edo Iruñera etorritakoek aurretik uste zutena baieztatu dute. Zer dago ikusten dugun postalaren atzean, azpian eta alboan? Sarri askotan antzeman nahi ez duguna.
Grezia klasikoaren garaikoa da Salonikako Antipatro. Liluragarria den arkitektura edo literaturaren polisen ondoan, gehiengo baten munduaren berri eman zuen epigrama honetan:
“Aristidesek ez zituen baliabiderik, ezta irabazirik,/ardi bakarra eta behi bat soilik,/baina pobrea ez da inbidiatik libre,/eta egun berean piztiek ardia akabatu zuten/eta behia erditzean hil zen./ Triste balakarik entzun gabe, udareondotik bere burua zintzilikatu zuen/ zorroaren sokaz.”
Ezezaguna dena berez da zoragarria. Gainerakoa, lotsa-lotsa eginda edo lotsarik gabe, ez dugu ikusi nahi. Ohi bezala, postala aukeratzen dugu.