Prentsaren hutsalkeria

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Etxarte 2016ko mar. 14a, 12:11

Komunikabide bakoitzak erabakitzen du zer den mundua. Gainerakoa infernuetara bidaltzen dute. Leizetik behera jaurtitzen dute. Zein den begirada eta interpretazioa hautatzen dute. Medioaren jabe intelektual edo eta materialekin bat datorrena edo nagikeriaz ohikoena dena. Nor den protagonista aukeratzen dute betiko agenda astinduz.

Baina, grabitatearen kontra egon arren, batzuetan mirakulu txikia gertatzen da: artikulu edo elkarrizketa interesgarri bat. Adibidea dugu larunbateko komunikabideetan Joan Mari Torrealdairi egindakoarekin. Ohikoa duen modura, hausnartzeko bide ugari zabaldu ditu. Horrela, baieztatzen du “herriko euskara biziaren izenean zabor ugari ari da zabaltzen, eta euskaldunok elkar ulertzea zailduz doa”. Edo “hizkuntza politikan ikusleak gara, ez aktoreak. Instituzioei emango diegu errua. Baina guk zergatik ez dugu bat egiten?”
Torrealdaik ez du aukerarik galtzen txokokeria salatzeko, goi mailako kultur lana aldarrikatzeko, egitasmo sortzaileekin loturak bultzatzeko edo norberaren ardura etikoekin kritiko izateko.

Bestelako egunetan, etsipenez aitortzen dut, egunkaria oso azkar doa Merced kaleko papererako edukiontzira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!