Badira edonon eta edonoiz beraien kritikotasun puru eta sublimearen berri eman nahi dutenak. Ez dute proiekturik bultzatzen, ez dira burua taldean lotzeko gauza. Banaka diskurtso arrazionalak elkar trukatzen dituzte pertsonak dira. Era egokiz eta txukun edo haserre profeten modura. Egiten dute ustezko autonomiaren gorazarrea. Klase, kolektibo edo taldearen ukazioa. Norberarekiko fetitxismo. Etika garbiaren aldarria. Ideien purutasunaren paradigma. Zerbait egiten dutenen zigortzaile kosmikoak. Balizko musika kontzertu batean bakarlari kronikoak dira.
Mark Evan Bonds musikologoak idatzi du sinfonia jendartearen soinu-adierazlea dela. Aniztasunaren eta osotasunaren oreka, gizabanakoa eta herriaren lotura, bertakotasuna eta kosmopolitismoaren gunea. Sinfonian talde handi batek, lanaren bidez, eguneko miseriak gaindituz sortzen duen eraikuntza kolektiboa da. Ahots komunitario perfektua.
Beethoven bere sinfonietan horren bila aritu zen. 9. Sinfoniaren azken atalean, Friedrich Schilleren testua moldatuz, dio: “Bai! datorrela gurekin Munduan/arima bat gutxienez bere egin duena./Baina hori inoiz lortu ez duena,/doala negarrez gure taldetik.”