Elurra, azkenean. Ederra edo sublimea? Ederra belardi gozo amaigabea da. Zeru beltzaren erdian uste gabeko tximista, aldiz, sublimea. Gau epeleko itsaso barea eta zeru izartsua ederra da. Itsasoko enbata bortitza sublimea.
Edmund Burkek azpimarratzen zuen Haynden musika edo Mozartenak ederrak direla. Ez dute minik edo beldurrik zabaltzen. Baina, ez du gogoa sakonki eraldatzen. Beethovenek, aldiz, iluntasuna, mina, argitasuna, eromena, tragedia, gatazka proposatzen digu. Sublimea da, bizi gogoa infinituaren atarira eramateko gaitasuna dauka.
Elurrak ohikoa dena sakonki eraldatu du. Pagozelai zeharkatzerakoan beldurraren muturra ageri da, Merced kalean isiltasun erabatekoa nagusitu da, zuriak lurperatu ditu kolore ilun eta arreak, gure baitara bildu gara, haurrek mundua aztoratu dute, denbora gelditu da.
Ez naiz garraiolaria, ez ditut abererik, ez naiz butanoaren banatzailea, etxe epel batean bizi naiz. Horregatik izan naiz elurtearen esperoan ederra eta sublimea lotu nahian.