Aurreko maiatzean ospatu ziren hauteskundeen ondoren ordezkaritza politikoaren banaketa aldatu da. Alda ezina zirudien egoera bukatu zen eta handik aurrera eragile askoren diskurtsoek egokitasun falta erakutsi dute. Aurretik zetorren krisia areagotu egin da, zalantzarik gabe, eta botere instituzional nagusietatik kanpo zirenek nekez asmatu dute modu eta edukietan.
Horrela, aspaldiko ideia eta mamuak astintzen dira eraginkortasunik gabe. Tresna kamutsek huts egiten dute tinkoak diren auzietan. Nagikeria nagusitzen da ezintasunen aurrean. Lagunkeriaz jokatzen da betikoari hamaikagarren bizitza eman nahian.
Historiak bere markak utzi ditu. Hari askotako matazan, mendeetan izan den Santo Ofizioa edo Inkisizioak antzutu gaitu. Hamahirugarren mendetik hemeretzira bitarte zutik izan zen egitura horrek ondorio izugarria utzi du.
Marta Llorentek idatzi du “Inkisizioa identitate nazionalaren muina zen eta bere izate bera mantentzea ezinbestekoa zuen, horrela sortu zuen Europako beste inon dagoen zelatatzeko eta gogortasun morala inposatzeko arrastoa eta erruduntasunaren larriagotze muturrekoa”.
Eztabaida zaila da gure artean.