Donostia da Merced kaleko paradisua. Hara inbidiaz begiratzen dugu gure izaera eta itxura baldarraz jabeturik. Itsas ondoan oro da dotoretasuna, edertasuna, sofistikazioa, glamourra. Horren aurrean zabarkeriaren, atabismoaren apologia egiteko joera dago Ezkaba inguruan jatortasun sanoaren izenean.
Marko paregabean atsegina hartuko luke Charles Baudelairek sortu zuen margolari diletantearen pertsonaiak “bere izaera ezezagunaz toki guztietan gozatzen duen printzea”. Batzuen esku dago itxura eta izaera gutxieneko zehaztasunetara eramatea, behar den momentuan, edozein jantzi eta rola hartzeko. Hori da mundutartasunaren oinarria Richard Sennettek esan duen bezala. Klase posizioak eman dezaken pribilegioa. Turista dirudunaren marka. Hiri segregatuetan espazio sinbolikoen ezaugarria. Ezagutzen dugun Donostia.
2016ko inbertsio eta espektakuluek mugarri berria jarriko dute hiriaren burbuila esklusiboaren izaera sakontzeko. Dena, jakina, jainko ukaezinen izenean: kultura eta elkarbizitza. Dena, bistan denez, eragile interesatuen batasun mistikoan. Donostia garaikidearen eredua. Eztabaidarako dugun tabua. Beste bat.