Bat-batean apurtu da eternoa zirudien paisaia politikoa. Bizitza eman dugu pentsatuz leihoak irekiko zirela, itzalak desagertuko zirela, errealitate bihurtuko genituela oinarrizkoak ziren aldarriak. Eta gertatzen hasi denean, deseroso aurkitu dugu gure burua. Sufritzera egin gara, beti galtzaileekin identifikatzera, gure burua biktimizatzera sarritan.
Gaur, plaza erdian ikara, urduritasuna nozitzen dugu. Ohitura falta da. Hona iritsi gara eta ezin dugu, besterik gabe, lehengo moldeetan aritu. Handiak edo txikiak, neurriak hamaika direlako, inoizko aukerak ditugu beti esan duguna bideratzeko.
Orain ere Nicolas Maquiavelok idatzi zuena balio digu “gizakiak apartekoak direnak imitatu behar ditu, arkulariak gezia gora apuntatzen duen modura. Aparteko pertsonen jarduerak aztertzen direnean konturatzen gara zoritik aukera bat eduki zutela soilik, hori gabe beraien jakinduria galduko litzateke eta beraien jakinduria antzua aukera hori izan gabe”.