Azken bi mende hauetan Alemania Europako gunea bihurtu da. Ekonomia, politika eta kulturgintzan duen erreferentzialtasuna eztabaida ezina da. Hango handitasun eta tamainaren ondoan gurea dena minimoa dirudi. Gure txikitasunak ahulezia eta hauskortasunaren mamuak sustatzen dizkigu.
Goethe aztertzerakoan Eugenio Triasek aipatzen du alemana zen guztia biziki mespretxatzen zuela zakarra, desatsegina, egoskorra, lanbrotsua edo nahasia zelako. Eta harago doa aipatzen duenean herrialdearen heroi nazionalak, Federiko Handiak, bere ohiko bizitzan frantsesa erabiltzen zuela, frantsesez idazten zuela eta alemaneraz egindako kultura gutxiesten zuela.
Gaur inork ez du ukatzen Federiko Handiak eta Goethek, eta bigarrenak bereziki, izan duten garrantzia herrialdearen kulturan. Miresten dugu, esan gabe, handia eta indartsua iruditzen zaiguna. Ez jakinak gara, besterik gabe. Gureari erreparatzen diogu biraka eta biraka zorabioa eta zentzua galdu arte.
Hauta ezazu Goethe udazkeneko arratsaldeetarako.