Urteetan egin dudan eguneroko bidea aldatu da.
Goizero Merced kalea atzean utzi eta gorputzak arrastoa automata moduan osatzen zuen. Bidean Labrit aldapan diren zozoak entzuten nituen, zeharka sumatzen nuen Orreaga etorbideko Entzierroaren eskultura zatarra, kotxeen joan-etorri zaratatsuak Zabalgunean, urteen poderioz ezagunak egin zaizkidan itzalak lanerako bidean eta atsegina sortzen zidaten ezkiak, alboak, makalak edo Hegoaldeko lizarra kontenplatzen nituen.
Azken egun hauetan bide berria egiten hasi naiz. Merced kaleko beste muturretik abiatzen naiz. Goizeko isiltasunean gurutzatzen ditut erromes gogotsuak, eskale akitua, langile goiztiar arrotzak. Udaletxe papera iristean, gogora datorkit gure zaharrek ezin izan dutela euskaraz aritu hiriko alkatearekin. Edo bere berbak entzun sikiera. Beraientzako beranduegi sortu dugu bide berria. Ondorengoak kontu eske izanen ditugu.
George Sand idazle bikainak idatzi du: “Bide bat baino ederragorik ez da! Bizitza gogotsu eta anitzaren sinbolo eta irudia da.”