Hemendik urte batzuetara norbaitek galdetuko du, nola onar genezake egoera hura, zergatik ez zen lehenago aldatu, non ziren mundu berriak aldarrikatzen zituztenak.
Sanferminak bukatu dira. Hiri txiki baten jai eredu tradizionala kolapsatu egin da. Eztabaida ez da txupinazoa nork jaurtiko duen edo ikurrinarekin zer egin. Iruñeko udako jaiak hil zorian dira eta hobe guk geuk eztabaidari hasiera ematen badiogu.
Jaiak ez dira egoera neutroak. Sexua, klasea, kultura eta adinaren ezberdintasunak josten dituzte. Entzierroa, zezenketak, prozesioa edo dantzaldiak, tabernetako musika, txarangen txunda-txunda, alkoholaren nagusitasuna, sexu erasoak, euskaldunon egonezina, zarata edo hondakinen erakustaldia erraldoia gai politikoak dira.
Jaien hari nagusietatik tiraka hasita, eztabaidak duen tamainaz ohar gaitezke. Nola itzuli alde zaharreko bizilagunei jaia bizitzeko gogoa? Zer egin astebururo sanferminen sindromepean hiri zaharra itotzen denean? Zer egin egun horietako milaka bizilagunen ihesaldiarekin? Zer etxeetan bunkerizatzen diren zaharrekin? Nola zabaldu Iruñeko auzo guztiei hiriaren jaien oihartzuna? Zein lotura sortu auzoko jaiekin? Noiz arte blindatuko dira heziz eta burdinaz parkeak, atariak, kaleak? Zer egin sinbolismo eta praktika onartezinak dituen entzierro edo zezenketekin? Nola askatu jaiak eliza katolikoaren menpekotasunetik? Zer aldatu txiki, zahar edo gaixo direnak jaien protagonista izateko? Nola bukatu egunez eta gauez kolonizazio bizi-ezina sortzen duten pijo, giri edo babosoekin? Nola gainditu jaien ortodoxiaren profeta profesional eta amateurrak? Noiz arte jantziko dugu jaien uniformea? Zergatik onartu gozamenaren eta alaitasunaren obligazioa? Noiz arte isil araziko dira eredu basati honen aurka direnak? Nola jarriko zaio muga gero eta indar handiagoa duen ostalaritza mafiosoari? Noiz banatuko ditugu jai honek sortzen dituen irabazi ekonomiko erraldoiak?
Hau da, noren esku dago hiriko jaien nortasuna definitzea? Zer dugu esaterik tradizionalistak ez garenok?
David Harveyek aldarrikatzen du hiriarekiko eskubide berria dugula.
“Sortu nahi dugun hiriaren eztabaida bat dator nahi ditugun giza harremanekin, naturarekiko loturekin, bizi tankerekin, teknologiarekin eta balore estetikoekin. Hiriarekiko eskubidea ez datza eskaintzen dituen baliabideen norbanakoaren jabetzaz. Hori baino lehenago, gu geu, hiria aldatzen dugun bitartean, aldatzeko eskubidean datza. Beraz, eskubide komuna da hirian diren prozesuetan botere kolektiboen parte hartzea.”