Hiria dugu aztergaia. Hor bizi gara. Diren leku eta ezlekuetan ahalegintzen gara, inurrien antzera, heriotzari iskin egiten. Labirinto fisikoetan aurrera eta atzera. Haragizkoetan tupust eta kolpeka.
Edozein hirian izanik, oroimenak eta itzalak aldatzen du parean duguna. Trinkoa dena lurruntzen da, ez dagoena gorpuzten da; Merced kaleko Potoli mitikoa trostan itzultzen da eta etxeetan begirada nagia jartzen duten turistak gardentzen dira; bizi entzuten dira hildako kardantxiloak eta desagertu jendailak gauez sortzen duen anabasa.
Merleau-Pontyk maisuki adierazi zuen sentsazioa:
“Concorde plaza zeharkatzen dudanean, eta Parisen guztiz preso sentitzen naizenean, Tullerietan den harri batean begirada pausa dezaket: Concorde desagertzen da, eta soilik historiarik gabeko harri hori gelditzen da; gal dezaket begirada bere azalera pikortsu eta horixkan eta harria bera desagertuko da, zehaztugabeko materiaren gainean argi jokoa agertuz, besterik gabe.”
Goiz epeletan enarak eta Potoli itzultzen dira.