Aldaketa magikoaren esperantza itzuli da. Sinetsi dugu “Pikutara hau” edo “Aldaketaren alde” esanez, “Ez gaituzte ordezkatzen” aldarrikatuz edo “Murrizketarik ez” oihukatuz mundua aldatuko dugula. Hegemonia aldatzeko ez da nahikoa. Ezta hauteskunde batean bozken uzta polita jasotzea. Azpiratuen ilusioa da edo Nietzschek marraztu zuen “igelaren ikuspuntua”: behetik gorako begirada.
Eskuin basatiak agindu oro du Nafarroan. Zapaltzen du, min ematen du eta tristatzen gaitu. Atzokoaren ostean aginte politikoak beste itxura hartuko du. Jakina da elitean diren agintariek ez dutela beraien indarra etengabe erakutsi eta aldarrikatu behar boterea erabiltzeko.
Hemendik aurrera boterearen manerak bestelakoak izango dira, zabarkeria gutxiago eta sinpatia handiagoa erakutsiko dute. Arlo politikoan zakar eta itsusi jokatu dute. Beraz, krisialdi orokorra dugun honetan, boterearen moldaketa ezagutuko dugu. Agintari berriak ezagutuko ditugu. Politika berriak egiteko?
Bertrand Russellek idatzi zuen:“Boterea, energia bezala, forma batetik bestera mudatzen da; ekonomiatik militarrera, politikatik kultura eta eragin sozialera.” Fenomeno hori begien parean izanen dugu.