Irribarre txikia egin genuen Iruñea Europako Kultur Hiriburuaren lasterketatik kanpo utzi zutenean. Donostiara joan zen saria. Erregionalistentzako porrot mingarria. Garaituak izan ziren eta, hori gutxi ez, hiri etsaiak irabazi eta bertako ezker independentistak kudeatu du gaia.
Gogoan duzue garaiko publizitatea? Iruñeko Udalak egin zuen bideoan ikonoen kalderetea osatu zuen: Done Jakueren bidea, Iruñeko alde zaharraren pintxo-potea, zuria eta gorria, ziudadela, Opusdeiko instalakuntzak, elizak eta Sanferminak. Testu ofizialak baieztatzen zuen: “Iruñeko etorkizun kulturalean lanean hasiak gara, diagnosi sakona egin da eta guztiz egingarria den plana diseinatu dugu.”
Donostiako datorren urterako plana, bultzaka eta krisialdiz jota, ezagutzen dugu. Antolatzaileek diote “pertsonen bizitza hobetzea” nahi dutela, “adierazpen artistikoek emozioa, hausnarketa eta besteenganako loturak sustatuko” dituztela eta bakea bultzatuko dutela “euskal gizartea, elkarrizketa baliatuta, arazoak konpontzeko bidea egiten ari da. Elkarbizitza Europan inoiz baino biziago dagoen helburu bat da (…) bakea eta errespetua sustatzeko balioak zabaltzea bilatzen dugu.”
Iruñean asteburuan konturatu naiz erregionalistek ez zutela galdu: zuten asmo kulturala gauzatzen ari da. Merced kalean gauean ezin izan dugu lorik bildu, pintxo-poteena primeran doa eta goizean ohiko zabortegia zen. Planak herritarrekin benetako lotura zuen.
Donostian, bestalde, Bartzelonatik etorritako Manuel Delgado antropologoak zentzua jarri dio Kultur Hiriburua izateari adierazi duenean “mistikoa, publizitarioa, figuratiboa eta morala dena elkartzen dira hiria inbertsore eta goi mailako turistei saltzeko. Ondoren dena garestiagoa eta esklusiboagoa izanen da. Bertako langileei irri egitea tokatzen zaie ”.
Dena kulturaren izenean.