Ferrer i Guàrdia

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Etxarte 2015ko api. 27a, 11:20

Orain gutxi Anna Flotats idazleak gogora ekarri du Francesc Ferrer i Guàrdiaren gaurkotasuna.  Eskola Modernoaren sortzaileak 1901ean Bartzelonako Bailén kalean ireki zuen lehendabiziko eskola mistoa, zientifikoa eta humanista. Eskuinak eta katolikoek ez zuten aukerarik galdu proiektua akabatzeko. Bera ere fusilatuko zuten Aste Tragikoaren antolatzaile zelakoan, inolako frogarik aurkeztu gabe. Ondoren etorri ziren Montesori edo Waldorf, askoren artean, bere ideiak garatzera.
Flotatsek bere bost ideia berreskuratzen ditu: hezkuntza berdintasunetik abiatu behar de aberatsen eta langileen seme-alabak batera eskolatuz, neska-mutilak elkarrekin aritu behar dira, erlijioak ez du tokirik eskolan, hezkuntza jarduera aktiboa da eta irakasleak baldintza duinak behar dituzte.
Bost lerro horietan gure burua aztertzeko aukera dugu. Aurreko batean, adibidez, ikastetxe kontzertatuen ordezkari batek adierazi zuen hezkuntzan sare publikoa eta pribatuaren inguruko eztabaida “antzua” dela.
Datu ofizialek (Nafarroako Eskola Kontseiluaren Memoria 2013-14) argitzen dute Nafarroako Gobernuak azken lau urtez sare publikoan 168,384 miloi gutxiago gastatu dituela eta sare pribatuan 5,338 miloi gutxiago. Konparaketa eginez, langileen seme-alabentzako eskolak murrizketa itzela eduki du: 33 aldiz handiago.
Ez da kasualitatea. Irabazleek krisia dela diote, hau da, guztiongan duela eragina. Guk esan beharko dugu eskuina irabazten ari den borroka dela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!