Sinbolorik gabe ez dugu bizitzerik. Indibidualtasunak horren premia du eta komunitateek ere. Munduan diren herriek beraien egun-ikurra asmatzen dute. Batzuen oinarrian matxinada mitifikatua dago, besteetan erresistentzia heroikoa, independentziaren hasiera edo hitzarmen politiko mugarria.
Hegoaldeko probintzien jaia ofizialetan arrasto katolikoak agintzen du. Gizon santuak nagusi dira: Loiolako eta Xabierreko jesuita parea eta Prudentzio apezpikua. Euskal Aberriaren asmakizun garaikidea Jesukristoren pizkundearen egunarekin ospatzen dugu. Katolikoek martirioa eta gurutzearen ondorengo mirakulua ospatzen dute. Iluntasuna, suntsiketa eta heriotzatik garaile sortu zen hura Jerusalenen, unibertsoan behin bakarrik gerta daitekeena.
Kantauriko alde honetan herriaren egun-ikurra garai zaharreko sinesmenekin lotu dugu. Nahastu ditugu kontrajarriak diren biziberritzeko mirakuluaren esperantza, berarekin sortzen den ankerkeria, horrekin batera bizipozaren ukazio erabatekoa, tragedia ikuskizun bezala sentitzeko manera edo gure miseriak ezagutu eta eraldatzeko beldurra.
Zoritxarrerako Aberri Egunak erlijio batekin lotura du eta horren miseriak ere maileguan hartu ditu: gu eta besteak, boterea eta sektak, santuak eta bekatariak, aldarea eta infernua, toki sakratuen lehia, prozesioaren liturgia.
Guztia borobiltzeko, aurtengo Iruñeko Aberri Egunean ikusitako irudi sinbolikoa: agintarien talde esanguratsua –parlamentariak, bozeramaile ezagunak, medioen zuzendariak- prozesiotik kanpo bermuta hartzen Lindatxikia kaleko tabernan. Bitartean, herri xehea Sarasateko ospakizunean fede handiz predikuaren esperoan. Oso katolikoa.