Egun more ilunak. Mundu zaharra ezagutu dugunontzako ohikoa da, errepikatua, errutina.
Berriro manifestazioan narrazio ezagunaren irudi higatuak, gezurrezko legionarioak, zaldiak eta gorotza, argizaria kalea zikintzen, mozorro susmagarriak, danbor zarata militarra, haur kantari zerutiarrak, garagardoa eskuetan hori dena pasatzen ikusten dutenak, turista bere nazioaren aniztasun erregionalaz gozatzen, beti negarrez ari den ama baten irudi krudela, torturaren apologia, sadismoaren sinboloa gurutzean biluzik, oinutsik diren gizonezkoen egun bakarreko menpekotasuna. Eta geranio gorri bakanak balkoietan.
Berriro auzoaren kaleak okupatuko dituzte erramu eta olibondoko adaxkaz, oihal morearen barruan edo serrano kalearen itxuraz, familia anitzez inguraturik eta bakarka, Iruñeko betiko bertakoak edo opus deiri esker bertakotuak, guztiak boterearen liturgiaren ikusleak, aro orotan jauntxoei txalo eta biba egin dietenak.
Berriro nagusitasun morala erakutsiko dute, espiritualtasunaren mailarik gorena, salbazioaren bidea seinalatuko digute, balore bakarrak beraienak direla aldarrikatuz, espazio eta denbora guztiak menpean hartuz, Merced kale guztien Errekonkista sinbolikoa eginez, Berpizkundeko igandean izanen den beste konkistaren atarikoa.
Lukreziok aspaldi idatzi zuen: “Beldurra da erlijioaren oinarria, misterioa, derrota, heriotza. Beldurra da ankerkeriaren sorburua eta horregatik ez da harritzekoa ankerkeria eta erlijio elkarrekin izatea.”