Abiadura ez da neurria

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Etxarte 2015ko mar. 23a, 12:32

Walter Benjaminek progresoa sarraskiaren aingeruarekin lotu zuen. Progresoak etengabe berritzen du errekorren zerrenda: gune komertzialik handiena, etxe orratzik garaiena, kirol gunerik elitistena, etxebizitzarik garestiena. Progresoa hazkundea da. Baldintzarik gabe. Mugarik gabe. Naturan hazkundea eta atsedena, handitzea eta gelditzea lotuak dira. Kapitalismoan gelditzea antzua da, ekonomikoki jasanezina eta moralki onartezina. Abiadura da ororen neurri eztabaidaezina. Hazkundea eta metaketa azkarrak egokiak dira. Bestelako guztia porrota.
Paul Crutzenek, Kimikako Nobel saridunak, dio planetak hiru aro nagusi eduki dituela: Pleistozenoa, Holozenoa eta Antropozenoa. Azken honen hasiera 1784an jarri du James Wattek lurrun makina asmatzen duen urtean, hau da industria iraultzaren sorreran, progresoaren patologiaren hasieran, denboraren azelerazioak espazioa txikitzen duenean, etekinak pilatzearen abiadura azkartzen denean. Batzuen garaipena eta gehienon porrota.
Eskerrak Nafarroa aldatzera doala. Hori diote. Aro berri honetan Alferreko Proiektu Erraldoien Liburu Beltzaren kapituluak idatziko ditugu: autobiak, aireportua, ubidea, edozertarako egoitza erraldoiak, merkatalguneak, urbanizazio pribatuak eta, zalantzarik gabe, abiadura-ez-oso-handiko-tren-xahutzailea.
Arazoen neurria, agian, abiadura baino tamaina delako: “zerbait gaizki doanean, handiegia delako gertatzen da” (Leopold Kohr, small is beautifulen definitzailea).

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!