Turismo amnesikoa

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Etxarte 2015ko mar. 16a, 12:12

Elurpean ere Iruñea kanpoko lagunei erakusten diegu. Auzo garaikideetan, topikoa jarraituz, ez dago ezer interesgarririk. Hiri guztietakoak antzekoak dira. Ibilbide berezien bila alde zaharretik arituko gara bueltaka.
Zer erakutsi? Ohiko menua: Katedrala, Gotorlekua eta alde zaharreko jauregiak.
Txangoa, adibidez, mendeetan eraiki den katedralaren konplexuarekin hasiko gara: eliza, klaustroa, errefektorioa. Gero Nabarrerian Rozalejo jauregia ikusiko dugu, Zapaterian Mutiloa edo Navarro Tafallarena, Kontseilu plazan Gendulainena, Kale Nagusian Ezpeleta eta Redín Cruzatena. Ibiltzeko arinak izanik, Iruñeko eraikuntza erraldoia ere bisitatuko dugu: ziudadela edo gotorlekua.
Gu pozik distira duen hiriaren gidari izan garelako, harro gure historiak maila apaineko arrastoak utzi dituelako, munduan jartzen gaituelako.
Agian, lagunak galdetuko digu zer dagoen erakutsi diogun iragan loriatsu horren atzean. Zer erantzun? Hiri teokratiko izan ginelako dagoela tamainako katolizismoaren apologia? Felipe IIak agindu zuela gotorlekua Nafarroa eusteko eta Espainiaren interes militarretarako? Jauregi barrokoen jabeak Mendinueta, Iturralde, Goienetxe, Ziriza, Daoiz eta antzeko nafarrak militarrak edo esklabistak zirela Amerikako kolonietan?
Bertolt Brechtek idatzi zuen Laboaren bidez ezagutu genuen “Langile irakurle baten galderak”:
Garaipen bat orrialdeko./Nork atondu zuen irabazleen banketea?/Hamar urtean behin gizon handi bat./Nork ordaintzen du kontua?/Zenbat istorio,/ hainbat galdera.”

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!