Nafarroako tradizioak

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Etxarte 2015ko mar. 9a, 12:43

“Simbología golpista en Navarra” liburuan Fernando Mikelarenak San Francisco de Javierren asmakizun garaikidea aztertzen du. Azaltzen du, bereziki 1922tik aurrera, tradizionalismoak bere mitoa sortuko duela eskuina mobilizatzeko. Hor arituko dira bultzatzaile ezagunak: Campión edo Altadill, Escalada edo Beunza, Alfonso XIII edo Baleztena. Errepublikan jauzia egingo dute eta 1931ko abenduan Iruñean egindako manifestazioa etortzear zegoen matxinadaren atarikoa izango da. Elkarrekin tradizionalistak, katolikoak, monarkikoak eta jeltzaleak izan ziren. Egun horretan Sarasate etorbidean edo Zezen plazan egindako argazkiek giroa erakusten dute. Egunaren bukaeran liskar larriak izan ziren.
Gerra bukatu berria zela, 1940an urtean, irabazleen “Hermanos de Caballeros Voluntarios de la Cruz” bidez hasiera emango zaio orain arteko ospakizunari. “Hermanos” horien artean Zubiaur, Sanz Orrio, del Burgo edo Baleztena ziren. Babesle nagusia Olaechea apezpikua, “cruzada”ren aitapontekoa, eta gerra “Javierada erraldoi eta probidentziala” izan zela ziona, argazki askotan Francoren ondoan besoa jasoa agertzen dena. Ondorengo urteetan Beguiristain apaiza, Azagran 71 herritar fusilatuen arduradunetarikoa, izango da antolatzailea.
Egun hauetan Nafarroako komunikabideek berria modu sinpatikoan jasotzen dute, interneten argazki atseginak eskaintzen dituzte, erreportaje bitxiak zabaldu, aipatzen dute Pérez-apezpiku militarra- eta Sebastián-apezpiku ultra- ospakizunen buru izango direla, goraipatzen dute giroaren bikaintasuna, Francisco papak bere bedeinkapen berezia agindu duela, gazteak kirol erronka egitera doazela, guztiz gurea den tradizioa dela.
Nafarroa aldaketaren bidean da. Aurtengo Javierada da horren seinale. 75.garrena.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!