Plataformaren irudiko, Baztanen eratu behar den batzorde bakarra Aroztegiako UGPSa gelditzeko eta herritarren borondatea betetzeko lan eginen duena da.
Joan den urtarrilaren 26ko osoko bilkuran erabaki zuen Baztango Udalak Aroztegiko proiektuaren jarraipena egiteko udal batzordea sortzea. Geroa Baik aurkeztu zuen proposamena eta Geroa Baiko bi zinegotziek ez ezik, UPNko lauak, Baztan Auzolanean-ekoak eta Baztango Ezkerrako bi zinegotziek baiezko botoa eman zuten. Bada Aroztegia eta gero zer? plataformaren irudiko, batzode hori «pozoindutako batzordea» da eta Baztanen eratu behar den batzorde bakarra «Aroztegiko UGPSa gelditzeko eta herritarren borondatea betetzeko lan eginen duena da».
Batzorde hori udal ordezkariak, Nafarroako Gobernuko ordezkari batek, Palacio de Aroztegui S.L. enpresako ordezkariak eta Lekarozko alkatearekin osatzea proposatzen du Geroa Baik eta horren harira, plataformak honela dio: «lekaroztarren zein baztandarren borondateari muzin egin ondotik, orain Lekarozko Alkatearen presentzia eskatzen dute. Herriak egitea nahi ez duen proiektuaren garapenaren jarraipena egiteko hain zuzen ere. Lekarozko herritarren ordezkariari, herriaren suntsiketaren testigu konplizea eta isila izatea eskatzen dioten bitartean, zafratutako lurren jabe pribatuak zein herri lurren kudeatzeko eskumena duen Batzar Nagusiko ordezkaririk gabeko batzordea eratu nahi dute». Plataformaren ustez, «berriz ere, nabarmen gelditu da Geroa Baik enpresaren bozeramilearen papera bete nahi duela. Baztango herri lurren defentsan ari beharrean, herritarren ordezkariei eta herritarren kontrako jazarpen judiziala egin duten horiek kokatu nahi dituzte herritarren ordezkari paperean». Gisa berean, adierazi du Aroztegiko proiektua UGPS bidez onartu zela: «Baztango Udalari eta Batzaro Nagusiei legez dagozkien eskumenak kentzeko eta herritarren borondatearen gainetik proiektu hau inposatzeko». Plataformak oharrean dio, «ikusita Lekarozko zein Baztango herritarren gehiengoak eta baita tokiko erakunde instituzional demokratikoek ere (Batzarra eta Baztango Batzar Nagusia) proiektu honen kontrako irizpidea behin eta berriz adierazi dutela, berriz ere, aurpegiak zuritzeko saiakera batean, ados jarri dira burutzen ari diren inposaketa eta bidegabekeriari zilegitasuna eman nahian».
Garbiñe Elizegiren kasuan auzitegiak emandako ebazpena ere «gogor» salatu du plataformak, «adierazpen askatasunaren eraso larria» dela erranez, eta «ama lurra suntsitu nahi duten eskrupulurik gabeko kapitalistak inpunitate osoarekin jokatzeko bidea ireki nahi duela» adieraziz.