Baztango Batzar Nagusiak eta Lekarozko herriak Aroztegiako udalez gaindiko plan sektorialari buruz Nafarroako Gobernuari aurkeztutako errekerimendua onartu ez dela jakin ondotik, Baztango Batzar Nagusiak ilbeltzaren 4an egindabo bilkuran mozio bat onartu zuen, aldeko 17 boturekin, kontrako 7 eta 6 abstentzioekin. Mozio horrek Geroa Bairen gobernuak hartutako erabakia guztiz arbuiatzen dute, «eta herritarren hitzari kasurik egiten ez dion neurrian, gobernua bera gaitzesten».
Onartutako moziak dioenez, "Aroztegiako udalez gaindiko plana UPNren Nafarroako Gobernuak hauteskundeetarako hiru egunen faltan onartu zuen. Orain Geroa Bairen gobernuak udalez gaindiko planaren aurkako errekerimendua eguberritako oporretan, urte zahar bezperan hartu du, erabakia ahalik oharkabeen pasatzeko nahiarekin. Gobernu berria baina forma zaharrak, arras zaharra".
Nafarroako Auzitegi Nagusiak Aroztegiako proiektua baliorik gabe utzi ondotik, 2015eko ereiaroan UPNren gobernuak, Lekaroztarren eta orduko Baztango udalaren oniritzirik ez zuen udalez gaindiko plana onartu zuen. Eta, handik, guttirat, foru intereseko izendatu. Hori erabaki politiko argia dela uste du Batzar Nagusiak.
2008an, ere, Aroztegiko lehendabiziko proiektua, udalez gaindiko plan sektorial bezala tramitatzeko eskaera egin zuten sustazaileek; haatik, Nafarroako Gobernuak, teknikarien txostenak tarteko, ez zuen hala egiterik onartu. «Proiektua udaletik tramitatzeko erran zuen, udal planaren aldaketaren bidez. Erabakia, bistan denez, teknikoa izan zen», dio Batzar Nagusiak.
2015eko uztaileko Batzar Nagusiak, Lekarozko herriaren eskariz, Nafarroako Gobernuari Aroztegiako udalez gaindiko plan sektoriala gibelerat botatzeko eskaera edo errekerimendua egin zion. Lekarozko herriak ere, bertze eskaera egin zion.
Batzar Nagusiak salatu duenez, «2015ko urte zahar bezperan, Geroa Bairen gobernuak Aroztegiako udalez gaindiko plan sektoriala baliogabetzeko eskaera ez du onartu eta proiektua berretsi du. Erabaki teknikoa dela diote. Gezurra. Erabaki politikoa da. Ereiaroan UPNek hartu zuen erabaki politiko bidegabearen segida eta, ordukoa berresten duena baita».
Baztango lurraldearen antolaketa, soziologia eta izaera guztiz aldatuko duen proiektu honek kaltetutako herriaren kontrako jarrera izan duela beti dio Batzar Nagusiak: «2009ko Lekarozko herri-galdeketa horren lekukoa da. Udalez gaindiko Aroztegiako proiektu honek, gainera, Baztango herri-lurrak hartzen ditu eta, horien gain, baztandarroi erabakimena kentzen. Lekarozko Aroztegiako proiektua hasieratik lekaroztarren nahiaren kontra egin da, herritarren iritzia eta borondatea errespetatu gabe». Oraingo udalez gaindiko plana ere inposizio garbia dela uste du Batzar Nagusiak.
«Geroa Bairen gobernu berriak inposizioaren jarrera zaharrarekin segitzeko erabaki politikoa» hartu duela uste du Batzar Nagusiak. «Aldaketa Belateko tuneletan gelditu da. Baztanerat ez da iritsi. Ez da onargarria, ez da onartzen ahal».