Gobernuak Aroztegiko egitasmoarekin aitzinera egitea erabaki duela salatu dute

Erabiltzailearen aurpegia erran.eus 2016ko urt. 7a, 09:24

Argazkia: Gobernuaren erabakiaren kontra agertu dira Aroztegia eta gero zer? Plataforma eta Sustrai Erakuntza fundazioa.

Geroa Bai-ren erabakia kritikatu du 'Aroztegia eta gero zer?' plataformak, Sustrai Erakuntza fundazioaren laguntzarekin.

Nafarroako Gobernuak Aroztegiko egitasmo urbanistiko espekulatzailearekin aitzin egitea erabaki du abenduaren 30ean. «Aroztegiko proiektua, UGPS-a bezala bideratzea hasiera batean UPNren gobernuak abiatu zuen arren,  Geroa Bairen gobernuak joan den astean hartutako erabakiaren bitartez,  bidegabekeria hau babestea erabaki du», Aroztegia eta Gero zer? Plataformak, Sustrai Erakuntza fundazioaren laguntzarekin salatu duenez.

Plataformak oroitarazi duenez, «UPNk hauteskunde bezperetan  tarrapataka hartutako erabaki honek herritarren eta tokiko erakundeen erabakitzeko eskubidearen gainetik pasatzea izan du helburu. Erregimenaren ohiko jokatzeko modu zikin eta iruzurtian egin zen»”.

Orain, eguberrietako giroan eta urte zahar bezperan Geroa Bairen gobernuak gauza bera egin duela jakinarazi dute. «Geroa Baik ere, –dio Aroztegia eta gero zer? Plataformak– presaka eta korrika, Baztango Batzar Nagusiak zein Lekarozko herriaren eskaerari uko eginez,  gutxi batzuen interes espekulatzaileak herritarren interes orokorren gainetik jarri ditu».

Batzar Nagusiak eta Lekarozko herriaren eskaeratik aparte aste batez 900 sinadura bildu ditu Aroztegia…eta gero zer? plataformak Nafarroako Gobernuari UGPSa gelditzeko eskatuz.  «Lekarozen, 359 biztanle dituen herri batean, 228 etxebizitza egiteak ez du inongo justifikazio sozialik. 40 hektareako lur ez urbanizagarria birkalifikatzeko aitzakia bezala erabili da hotela eta golf zelaia», aipatu du Plataformak.

Baztango Udalak,  etxebizitzak kenduta,  proiektua garatzeko aukera eman zion promotoreari baina enpresak uko egin zion eskaintza honi. «Baztango Batzar Nagusia zein Lekarozko herria argi eta garbi mintzatu dira lurren birkalifikazioaren kontra, baita enpresa pribatu batek herri lurrak zein herritarren lur pribatuak modu honetan bereganatzearen kontra ere. Aldaketaren Gobernua babestu dutenen alderdien artean Geroa Baik bakarrik egin du inposizio eta pelotazo honen alde. Beraz, noren interesak defenditzen ditu gobernu honek?» galdegin du Aroztegia eta gero zer? Plataformak.

Erabaki politikoa

Iruñetik erabaki teknikoa dela aipatu duten arren, erabaki politikoa uste du. «Geroa Bairen gobernuak hartutako erabakiak zoritxarrez erregimenaren jarraipenaren aitzinean gaudela ziurtatzen du. Aktoreak aldatu dira baina pelikula berdina ikusten ari gara». Erabaki hau atzera egin ezean, «espediente honen arduradun izan diren Isabel Elizalde (Landa Garapena, Ingurugiro eta Tokiko Administrazioko kontseilaria) eta Manu Aierdiren (Nafarroako Gobernuko lehenbiziko lehendakari ordea eta Ekonomia Garapenerako kontseilaria)» berehalako dimisioa eskatu dute.

Bukatzeko, oroitarazi nahi dute Sustrai Erakuntzak Aroztegia…eta gero zer? plataformarekin batera, Nafarroako Gobernuaren akordioaren aurka epaitegietara jo duela. Aldi berean, segituko dute  «Aroztegiko proiektua zein Nafarroan inposatzen ari diren makro proiektu espekulatzaile guztiak  gelditzeko lan egiten eta erregimenaren jokabide guztiak salatzen».

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!